Martxoaren 27an Legazpiko korten gaineko hitzaldia
Datorren hilaren 27an, osteguna, Luis Mari Zaldua urnietarra, “Saroiak eta kortak” liburuaren egilea eta Eusko Ikaskuntzako “Asmoz” Fundazioko zuzendaria, Legazpira etorriko da antzinako lurralde antolamenduaz hitz egitera.
Hau izango da bere hitzaldiaren izenburua: “Antzinako lurralde antolamendua: kortak”.

KORTAK LEGAZPIN
Antzinako lurralde-antolamenduaz
Felix Ibargutxiri Luis Mari Zalduak esker onez
“Ayta jaunac eresten dau elia,
Ama andreac apaynquetan dau obia.”
Korten eta saroien izaera hirutakoa da. Lehenik eta behin, abeltzaintzarako egokiak izateagatik aukeraturiko guneak dira. Bigarrenik, eremu berezi eta berezituak dira, baina, haatik, ez dira itxitako esparruak. Azkenik, arau edo eskubidetik ere badute, behinola hemengo lurralde-antolamenduaren oinarri izan ziren haiexetatik.
Antzina garrantzitsuak izan arren, egun gure ondarearen alderdi atzendua dira, ordea. Alderik alde, bazterrik bazter, saroien edo korten izena, izana eta izakia aspaldi samar itzali zen, baina horrek ez du esan nahi euren berririk ez dugunik, ezta gutxiagorik ere, non eta Legazpin gainera. Jakin ere badakigu garai batean berrogei kortatik gora zeudela Legazpin, hau da, batez beste kilometro koadroko korta bat. Gaur, ordea, mendi-gailur batera igoz edo airetik ateratako argazkiei erreparatuz gero nekez ikusten da kortarik, ez dago eite biribila duen esparru handi askorik begibistan…
Hitzaldiaren Laburpena ikusi pdf formatuan.