2008 / 10 / 09 -ko artxiboa

Urriak 30an hitzaldia. “Norteko trenaren eraikuntza Goierrin”

Hitzaldia: “Norteko trenaren eraikuntza Goierrin”
Hizlariak: Pello Joxe Aranburu eta Luis Mari Intza
Eguna: Urriak 30a, osteguna
Ordua: 19:00
Tokia: Brinkolako saloia

“Norteko Trenbidearen eraikuntza, ebaluaketa eta ondorioak Gipuzkoan”  izeneko bi liburuen egileak dira. Bigarrena, Otzaurtetik Igartzako zatiaren gainekoa, aurten argitaratu dute eta uztailean aurkeztu zuten Zegaman.

Pello Joxe Aranburu eta Luis Mari Intza

Liburu hauen egileak dira, besteak beste:

- 2008, “Norteko Trenbidearen eraikuntza, ebaluaketa eta ondorioak Gipuzkoan” - “La construcción, evaluación y consecuencias del Ferrocarril del Norte en Gipuzkoa”, II. liburukia. (P.J. Aranburu, L.M. Intza)

- 2007, Trenbideen eragina Zumarragan. (P.J. Aranburu, L.M. Intza).

- 2006, “Norteko Trenbidearen eraikuntza, ebaluaketa eta ondorioak Gipuzkoan” - “La construcción, evaluación y consecuencias del Ferrocarril del Norte en Gipuzkoa”, I. liburukia. (P.J. Aranburu, L.M. Intza)

- 2003, “Lazkaoko bi jauregietako 21 belaunaldiren apunte historikoak, 1335-1919″. (P.J. Aranburu)

-  2003, Ataungo ogibide historikoen: edo artzaintza, nekazaritza, basogintza, burdinola, errota, eraikuntza eta zerbitzuen kulturazko eragin nagusia bertako Etnosaren historian, XIV-XX mendeetan. (P.J. Aranburu)

- 2001, Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa (1348-1950). (P.J. Aranburu, A.Sorarrain)

- 1995, Juan Bautista Agirre Elola, 1742-1823, gizon eta apaiz eredugarri. (P.J. Aranburu)

Hona hemen, Goierriko Hitzan 2008ko uztailaren 19an argitaratu zen artikulua, azken argitalpenaren gainean.

OTZAURTETIK IGARTZARA
Estitxu imaz

Norteko Trenbidearen eraikuntza, ebaluaketa eta ondorioak Gipuzkoan II. liburukia idazteko Pello Joxe Aranburu eta Luis Mari Intzak erabilitako bibliografia eta informazio iturriak aztertuta «liburua oso ona dela ondorioztatzen dut». Hitz horiekin hasi zuen herenegun liburuaren aurkezpen ekitaldia Juan Karlos Morak, Zegamako historiari buruz liburua argitaratu zuen historialariak. Ondoren bi egileei eman zien hitza.

Pello Joxe Aranburu alkizarrak eta Luis Mari Intza Tolosan bizi den oñatiarrak Madril-Paris trenbidean egin zen azkeneko zatia, Otzaurte-Igartza, aztertu dute liburuki horretan. Duela bi urte Beasaindik Irunera arteko zatiaren liburua aurkeztu zuten. Pello Joxe Aranbururen hitzetan «aurreko liburua baino kasik garrantzitsuagoa izan da bigarren hau dokumentazioaren aldetik».

Liburuaren barruan Zegamako Oazurtza edo Tunel Handiko zatiak pisu berezia hartu du, tunel luzeena eta egiteko zailtasunik gehiena zuena izateagatik. Otzaurte-Igartza tarteak 38,30 kilometro zituen, eta horietatik 14,30 kilometro Zegaman bertan zeuden.

XIX. mende bukaera.
Norteko Trenbidearen eraikuntza 1858-1864 urteetan egin zen. Goierrin 1857. urtean Ataun zen herririk handiena 2.919 biztanlerekin. Zegamak orduan 1.891 biztanle zituen. Handik 3urtera, 1860an, berriz, 500 lagun gehiago bizi zen Zegaman. «Hor ikusten da trenaren eraikuntzak biztanle kopuruan izan zuen eragina», diote Aranburuk eta Intzak.

Garai hartan ez zen industria modernorik. Garraiobide berriak ari ziren eraikitzen, eta ez zen kotxerik ere. Jendea zalgurdietan ibiltzen zen. Aranbururen hitzetan «lehen autoak trenbidea eraiki zuten kontratistek ekarri zituzten».

Banketxe modernorik ere ez zegoen, ezta horrelako trenbide bat egin ahal izateko diru, gidaritza eta teknikarik ere. Horrela, Frantziako Pereire anaia kapitalistek jarri zuten nagusiki dirua.

Trenbidea eraikitzeko zenbat diru behar izan zen zehazki ez dakite, nahiz eta aurrekontu batzuk aurkitu. Aranburuk eta Intzak agertu dutenez dokumentatuta 36 milioi pezeta daude (garai hartan errealetan) baina Gipuzkoako zatia guztira 100 milioi pezeta kostatu zela uste dute. «Dena den kalkulu bat besterik ez da»

Madril eta Paris ahalik eta trazatu motzenetik lotzea zen trenbidea eraiki nahi zutenen interesa. Toki motzenetik eginez gero Gipuzkoa alde batera uzten zen, baina gipuzkoarrak interesatuta zeuden trenarekin. Trena Gipuzkoatik pasatzeko baldintza bat jarri zuten: oso epe motzean 35 milioi erreal biltzea (36.000 euro edo 6 milioi pezeta). Diputazioak eta baita apaizek ere, pulpitotik, ahalegin berezia egin zuten dirua biltzeko. Herriz herri egin zen bilketa. Zegaman, esaterako, 76.000 erreal bildu ziren, eta Beasainen 27.000 erreal.

Otzaurte-Beasain zatian 38,6 kilometro daude, baina Beasain-Irun zatia baino diru gehiago kostatu zen, gune menditsua, aldapatsua eta erreka askokoa baita. Eta horrek zailtasunak sortu zituen.

Langile kanpotar asko.
Trena eraikitzen langile ugari ibili zen, asko Frantziatik, Italiatik eta Errusiatik etorritakoak. Trenbidea egiten 6.000 lagun ibili zirela aipatu zuen Juan Carlos Mora historialariak. Aranburuk eta Intzak datu zehatzik ez dute lortu. Bi egileek langile asko etorri zela onartzen dute, «baina 6.000 esatea agian gehitxo esatea izango da».

Enpresa mordoa hasi zen lanak egiten, koordinaziorik gabe eraikitzen. Sociedad Geberal de Crédito Mobiliario Español enpresa kontzesionarioak kontratu guztiak eten zituen, eta beste enpresa bati eman zion lana, obra ez zutela aurreratzen ikusita. Lanean 100 kontratista, 48 hargin eta 30 itzain aritu ziren, besteak beste.

Oazurtza tunelaren ahoa 14.a da, 3 kilometrokoa. Tunela husteko, hau da, hondakinak goi aldera ateratzeko 12 tximini edo putzu egin behar izan zituzten. Putzu gehienak borobilak dira eta 3 metroko diametroa dute. Beste batzuk karratuak dira, besteak zirkularrak. Han daude oraindik.

Lur azpian lan egiten zuten langileek, hezetasun handia zegoen lekuan, eta asko hil ziren gaixotuta, besteak beste tuberkulosiak jota. Lan istripuak ere asko izaten ziren.

Bertan gaixotutako eta zauritutako langileak hartzeko Goierrin 4 ospitale egin zituzten. Saletxeak ere egin zituzten Zegaman bertan, langileek jan eta lo egin ahal izateko. Eta behin hiltzen zirenak ehorzteko hilerriak ere bai. Katolikoak zirenak herrietako hilerrietan luperatzen zituzten, eta katolikoak ez zirenak bestelako hilerrietan. Liburuaren egileen arabera Zegamako apeaderoan, tunelaren gainean, bazen hilerri bat.

Trenaren inaugurazioa 1864ko abuztuaren 15ean egin zuten Donostian, baina Gipuzkoako lanak benetan 1869an bukatu zituztela argitu dute Aranburuk eta Intzak.

Euren liburuan datu horiez gainera, beste hainbat data eta informazio, 30 planotik gora, argazkiak, ahozko testigantzak, trenbidearen eraikuntzarekin lotutako istorioak, bitxikeriak… bildu dituzte.

2008 / 10 / 09