4 - Mendi Martxa
Urriaren 12an, Pilarika egunean (aurten domeka) “AIZKORRIN BARRENA” mendi martxa antolatuko dugu. Denok dakigun bezala, Legazpi harana Aizkorriko Parke Naturalaren ateetan dago eta ingurune zoragarria du. Horretaz aprobetxatuz eta, mendeurrenaren aitzakian, mendi martxa antolatuko dugu.

Hainbat helburu lortu nahi ditugu mendi martxarekin.
- Lehenik eta behin, senderismoa sustatzea, kirol sanoa, merkea eta ekologikoa delako, gure ingurunean egiteko oso aproposa.
- Bigarrenik, Legazpi inguruko natura eta ondare aberatsa ezagutaraztea, gure baso eta larre ederrak, antzinako bideak, burdinolak…
- Hirugarrenik, Aizkorriko Parke Naturalerako atea Legazpirako aldarrikatzea, baldintza ezin hobeak dituela iruditzen zaigulako: tren-geltokia, ingurune zoragarria, jolas-guneak, bide zaharrak…
- Eta, azkenik, legazpiarren arteko auzo-lana bultzatzea nahiko genuke eta herriaren alde lan egiteko izpirituari eustea.
Bi ibilbide izango ditu “AIZKORRIN BARRENA” martxak: bat luzea (30 kilometrokoa); bestea motza (16 kilometrokoa). Bai batean bai bestean antzinako bideak erabiliko ditugu: Arabako bidea edo Aizkorrondoko mandabidea, Biozkornako bidea, legazpiarrak Arantzazura joateko Erromes Bidea, zegamarrak Arantzazura joateko Erromes Bidea… historiaz betetako bideak, inondik ere. Ibilaldi egunean gure ingurune eta historiari buruzko azalpenak emango dira.
Ibilbide luzea honako lekuetatik igaroko da:
Brinkola – Antsumaitz – Oazurtza – Aizkorrondoa – Txaparri – Sandrati – Pagazuloeta – Oltza – Arbelar – Artzanburuzabal – Katabera – Trikuetxeta – Bederatziiturrieta - Brinkola.
Ibilbide motzak, hasiera eta bukaerako zatietan, ibilbide luzearekin bat egingo du:
Brinkola – Antsumaitz – Oazurtza – Erromes Bidea – Katabera – Trikuetxeta – Bederatziiturrieta – Brinkola.

Ibilbide luzearen erreportajea interneten dago dagoeneko, Izadi-zaleak elkartearen web-orrian. Oso txukuna eta erakargarria, benetan. Hau da helbidea: http://www.izadi-zaleak.com/mendimartxa/ Adierazi nahi dugu, gainera, mendi martxaren eguneko arratsaldean festa giroa jarri nahi dugula Brinkolako geltoki inguruan, musika eta taberna jarriz. Ea zer moduz ateratzen den.
Eta, jakina, hori dena antolatzeak lan asko eskatzen du, eta ez dago enpresa batek eskatuko lukeen dirutza ordaintzerik. Nola egin? Zorionez badugu irtenbide bat, Euskal Herriko leku askotan oraindik erabiltzen dena: auzo-lana. Informazioa zabaltzen eta galdezka ibili gara eta topatu ditugu horretarako gertu dauden elkarte eta lagunak:
- Izadi Zaleak elkartea.
- Arriurdin auzo-elkartea.
- Legazpiko Gaztetxea.
- Burdinola elkartea…
Denen laguntza beharko dugu, baita gehiagorena ere. Bihoa hemendik auzo-lanerako deia, beraz. Merezi duelakoan gaude.Azkenik, adierazi behar dugu Agenda21eko foroak ere parte hartzea nahiko genukeela, ingurumenari zor diogun errespetua bermatu ahal izateko..