1 - Aurkezpena
Legazpiarrok urte garrantzitsu baten atarian gaude, aurten betetzen baitira laurehun urte Seguratik askatu ginela eta “villa” izaera lortu genuela. Ez zen nolanahiko gertaera izan, ez horixe. Orduko legazpiarrek denbora luzean egin zuten borroka askatasuna lortzeko. Gainera, eta ondorengoa azpimarratu beharra dago, Gipuzkoan lehen herria izan zen hiri handi baten menpeko izateari utzi ziona. Era horretan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan bere jarleku propioa izatera iritsi zen.
Ez dira kontu txikiak eta gogoratu beharra dagoela iruditzen zaigu. Legazpi nortasun handiko herria izan da historian zehar eta adorez defendatu ditu bere ohiturak, bere mugak, bere eskubideak… Horregatik, aurtengo ospakizunaren helburua, gure historia gogoratzeaz gain, herri harrotasuna indartzea ere bada. Horretarako, hainbat ekitaldi jarriko ditugu abian.

Ekitaldi horiek antolatzeko batzorde bat eratu genuen 2007. urteko irailean, batzorde irekia inondik ere. Eta, atseginez, esan beharra daukagu legazpiarrek gogoz erantzun dutela udalaren deiari. Herritar asko, batzuk bere kasa, beste batzuk elkarte edo taldeen ordezkari gisa, parte hartzen ari dira batzorde horretan.
AZALPEN HISTORIKOA
1608. urtea Legazpirentzat eta Probintzia osoarentzat izan zen garrantzitsua: Legazpirentzat Segurako hiribilduaren menpekotasunetik at gelditu eta bailara izatetik hiribildua izatera iragan zelako, eta Probintziarentzat Batzar Nagusietako kide berri bat gehitu zelako eta, ondoren, Legazpiko herriaren etsenplua beste herri txiki batzuk ere jarraitu zutelako beren askatzea lortuz.

Honetarako, Gaztelako Hazienda Kontseiluak gure herrira bidali zuen epaile bat, Pedro Sanchez de Collado doktorea, eta honek lehenbizi Legazpiko Alkatea izendatu zuen (Martin de Zabaleta) eta udal ofizioak ere bai.
Epaile honek ere Legazpiko terminoen mugarritzea burutu zuen eta Legazpiko biztanleen errolda zehatza egin zuen, honela jakiteko legazpiarrek Felipe III erregeari zenbat diru ordaindu behar zioten. Guztira, marabedietan legazpiarrek 750.000 marabedi ordaindu behar izan zituzten.
Gainera, epaile honek agindu zion Segurako Alkateari legazpiarren aurkako auziei buruz ez jakiteko eta horiexek emateko Legazpiko Alkate berriari (agindu hau Segurako Alkateak, Juan Lopez de Beresiartu “gazteak” bete ez izanak bere atxiloketa eragin zuen).
Azkenik, tirabirak eman zituen beste ekintza bat izan zen Collado doktoreak bere egitekoa osorik betetzeko Gipuzkoako Batzar Nagusietan Legazpiko batzarkideari serlekua, abots eta botuarekin, eman behar ziola, baina hiribildu handiak (Segura, Tolosa, Ordizia eta Hondarribia) saiatu ziren ahal izan zituzten bitartekoak erabiliz eginkizun hau oztopatzen. Hala ere, Seguran 1608ko abenduaren 1ean egin zen Batzar Nagusian Legazpiko batzarkideari (Martin de Zabaletari) eserlekua eman citación.
Nondik zetorkion Legazpiri askatzeko grina hori? Legazpiko herriaren askatze honen zergatiak desberdinak izan ziren,esate baterako: Segurak Legazpiko biztanleen artean egiten zituen zergen banaketak, lurren jabetza eta ustiaketa auziak (Aiztondoak eta Goiburuak), Segurako Alkatea legazpiarren “justizia” izanik sortarazten zizkien kalte personal ta ekonomikoak, egin beharreko “Alardeak” hiribilduan bertan gauzatzeko Seguraren asmoak sortarazi zituen istiluak, kontrolatu beharreko pisu eta neurrien auziak, Felipe II erregearen hileta-elizkizunak, etab…; azken finean, nire ustez, herri gisa sentitzen zuten legazpiarrek beren bailara eta honela saiatu ziren XVI mendean ere -1538an eta 1564an- beren askatasuna lortzen, nahiz eta mende honetan ez zuten fruiturik izan.