![]()
Hiri Antolaketarako Plangintza Orokorra
![]()
Uda Ikastaroaren inguruko informazioa
![]()
Mugikortasun Iraunkorrerako Plana. Amaierako dokumentua
![]()
IV. mendeurrenaren web-gunean sar zaitez!
![]()
Ezagutu Legazpiko Agenda
RSSan ere bai
![]()
![]()
![]()
Kontsejutik Legazpiko Udal Buletina
![]()
Mankomunitateko Familientzako Hezkuntza Baliabideak ezagutu
![]()
Legazpiko Udala eta Garapen Iraunkorra. EZAGUTU
![]()
Autoa era egokiagoan erabil ezazu
![]()
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN)
![]()
Irakur itzazu Legazpiko Berriak
![]()
Hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko programa Legazpin

![]()

Industrializazioa da, zalantzarik gabe, Euskal Herriko historia garaikidean garrantzi gehien
duen fenomenoetako bat. Ezinezkoa litzateke azkeneko 150 urteotan gertatu diren gizarte-aldaketak
eta aldaketa kultural, demografiko eta politikoak ulertzea ekonomiaren berrikuntza kontuan izan
gabe.
Gipuzkoako ezaugarri nagusia industri tradizioa izan da; tradizio hori, sektore desberdinetara
zuzentzen ziren lan-unitate txiki ugarietan ikus daiteke; sektore desberdinak landu arren,
metalurgiaren inguruko jarduerak ziren nagusi. Izan ere, burdina Euskal Herriko mendietan oso
ugaria izan da eta horregatik gure lurraldean burdinolak oso goiz ezarri ziren.
Haatik, burdina, armak, lanabesak, erremintak, puntak eta iltzeak lantzen zituzten manufakturez
gain, bestelakoak ere produzitu ziren: ezin ditugu ahaztu teileriak, zurrategiak, ontziola txikiak,
alea ehotzeko errotak, papergintza eta ehungintzako errotak, etab. Gipuzkoak baldintza
geoestrategiko ezin hobeak eta sare hidrografiko ona, ugaria eta erregularra zituen. Baliabide
naturalak urriak baziren ere, probetxu ona ateratzen jakin zuten eta, horrekin batera, bertako
jendeak lanerako zuen jarrera onak eta lanbidea ondo ezagutzeak, industriaurreko produkzio-formulen
garapena bultzatu zuten eta artisau-produkzioaren sistema zaharrak industri teknika berriengatik
ordezkatu zituzten; teknika berri horietan lurrinak, energiaren transmisio axialak eta
elektrizitateak garrantzi itzela izan zuten.
Gipuzkoako industrializazioa bertako burgesiaren esku egon zen batez ere eta kapitala
merkataritzatik edo zituzten aurrezkietatik zetorren; garai hartan sortutako berrikuntzetara
egokitzen jakin izan zuten eta eremu berberean industri sektore desberdinetako lantegi ugari ezarri
zuten. Hala ere, Gipuzkoako hazkundea bultzatu zuten sektoreak bi izan ziren nagusiki: papergintza
eta metalurgia. Gipuzkoako industri prozesuaren ezaugarririk nabarmenenetako bat lurralde-barreiaketa
izan da. Industria, ibar desberdinetan zabalduz joan da eta ingurune bakoitzak ezaugarri bereziak
garatu ditu. Industri garapena Deba, Urola eta Oria ibaien haranetan hedatu zen, Hernani, Pasaia eta
Irunek osatzen duten triangeluarekin batera.
Deba Garaiak metalurgi industrietan erabateko nagusitasuna izan zuen eta Arrasate eta Aretxabaleta
izan ziren gunerik garrantzitsuenak; ehungintza izan da Bergarako langintza nagusia eta armagintzak,
berriz, Eibarren eta Soraluzen izan zuen gunerik garrantzitsuena. Urola bailaran sektore desberdinak
landu ziren: Legazpin eta Zumarragan metalaren eraldaketaren sektorea ezarri zen; Azkoitian,
Azpeitian eta Zarautzen altzarigintza eta Zumaian eta Zestoan zementu naturalaren produkzioan aritu
ziren, Urola bailararen erdi eta behean juteak izan zuen presentzia nabarmena ahaztu gabe. Oria
ibaiaren ibilbidean jaio ziren paper-fabrikak eta Tolosaldeko eskualdeak langintza horren ia
erabateko monopolioa izan duela esan daiteke.
Honela, bada, hemengo industriaren ezaugarri nagusienak industri espazioaren atomizazioa, sektore
aniztasuna eta enpresa txikiak eta erdi-mailakoak izatea dira; izan ere, enpresa gehienak famili
enpresak dira, kapitala lortzeko aukera gutxi baitzegoen.
1800 eta 1841. urteen artean Gipuzkoak jasan zuen merkataritzaren eta industriaren beherakadaren
ondoren, Lehen Karlistaldiarekin Gipuzkoako ekonomiaren garapenean etapa berri bat hasi zen. Garai
horretan eman ziren lehenengo urratsak industrializazio modernorantz eta, hein handian, 1841ean,
barruko aduanak Frantziako mugetara eta itsas portuetara eraman zirelako gertatu zen, eta baita
urte berean arantzel protekzionista eratu zelako ere. Ordura arteko industriaurreko jarduera
tradizionalak behera egiten jarraitu zuen, azkenean erabat desagertu arte.
1864an Gipuzkoan 20 burdinola baino ez zeuden lanean; izan ere, Beasainen ezarri berri ziren
labegaraiekin lehian aritzeko ahalmenik ez zutela garbi zegoen.
Burdinolen egoerak atzera egitea ezinezkoa zela begi-bistan zegoen, baina, hala ere, ez zeuden
hain erraz etsitzeko prest eta XIX. mendea aurrera zihoala oraindik ere Alzolaras, Carquizano eta
Olaberriako burdinoletan berrikuntza txikiak egin zituzten.
Burdinolek zuten irtenbide bakarra birmoldaketa zen eta kokagune ezin hobea zutenez, gogoratu
ibai-ibilguen ondoan zeudela, ez zuten arazo handirik izan irtenbideak topatzeko orduan.
Tolosan, burdinola batzuk paper-fabrika bihurtu ziren eta beste batzuetan labegaraiak ezarri ziren,
Amaroz burdinolan adibidez; Legazpin, Olazarra burdinolan, koiunturalki bada ere, Aitzkorriko
meatzeetako beruna galdatu zen; beste batzuek, aldiz, produktu berri bat, kare hidraulikoa,
produzitzeko behar zen makineria ekarri zuten, hala nola Zestoako Iraeta burdinolak, Aiako
Alzolarasek, Orioko Sarikolak edo Hernaniko Fagollagak.
1841etik aurrera eta XIX. mende osoan Gipuzkoako industriaren oinarriak finkatu ziren eta Bigarren
Karlistaldiaren ondoren (1876) bigarren etapa hasi zen; une horretan, Euskal Herri osoan
berrikuntza tekniko eta finantzario sakona gertatu zen eta, ordurako, Gipuzkoak kontsumorako
ondasun ugari produzitzeko gai zen industri ekonomia hasi berria zuen.
XX. mendearen hasieran, aurreko mendean ezarritako oinarrietaz baliaturik eta honetan hartutako
ibilbidea jarraituz, Gipuzkoako garapena azkartu egin zen. 1906ko arantzelak eta Lehen Mundu-Gerran
mantendutako neutraltasun-politikak bereizi zuten garai hura.
Papergintza-sektore indartsua zegoen eta sektore horrek Papelera Española sortu zenean berregituraketa
sakona jasan zuen, baina metalurgi sektorea izan zen mende hasieratik garrantzi gehien hartu zuena.
Beranduago, 1929ko krisia, II. Errepublikaren ezegonkortasun politikoa, Gerra Zibila eta hasierako
frankismoaren planteamendu autarkikoak edo isolamendua ez ziren ingurunerik egokienak izan estatuan
industria garatzeko. Hala ere, atzeraldi honetan ez zen Euskal Herria izan ingurunerik kaltetuena.
Dena dela, 40ko eta 50eko hamarkadetan, makina-erreminta produzitzen hasi ziren industri
metalurgikoak agertu ziren Gipuzkoan, Estatuaren isolamenduaren erruz moztutako inportazioak
ordezkatzeko.
60ko hamarkadako premia finantzarioak zirela-eta, gure lurraldean enpresa-era berezi bat hedatu
zen: kooperatiba.
Beranduago, Euskal Herriko gainontzeko inguruetan bezalaxe, Gipuzkoan ere eragina izan zuen
Estabilizazio Planak bultzatutako uhin hedakorrak eta 1973. urtera arte hazkuntza etengabea
ezagutu zuen; une horretan heldu zen punturik gorenera, petrolioaren krisiak mendebaldeko jarduera
ekonomiko guztia kolokan jarri zuen arte.
Legazpik, Urola ibaiaren jaiolekutik hurbil dagoen herri honek, goiko lerroetan gainetik ikusi
ditugun Gipuzkoako industrializazioaren ezaugarri nagusiak irudikatzen ditu.
Baina herri honek industrializazio-eredu gipuzkoarra jarraitzen badu ere, lurralde osoan nagusi
izan zen enpresa txiki eta erdi-mailakoaren aurrean, Legazpik, bere baitan, probintzia osoko
enpresarik handienetako baten jaiotza eta garapena ezagutu du XX. mende osoan. Patricio Echeverría
SA enpresa historikoa, Gipuzkoan langile gehien izan dituen enpresetako bat izan da, Urola Garaiko
herri honen aurkezpen-txartelik bereziena bihurtu arte. Biak, enpresa eta herria, parez pare hazi
ziren.
Enpresa horren eraginez, Legazpiko industria metalaren eraldaketaren sektorean murgildu zen eta
inguru honetako sektore nagusi bihurtu zen. Beste jarduera batzuk ere garatu ziren, ordea, XIX. eta
XX. mendeetan, aurrekoaren garrantzi-maila lortu ez bazuten ere: Kataberako meatzetik beruna eta
zinka atera eta Udanako gainean landu ziren, zementua, papera, ehungintza, kartutxoak, zeramika,
etab.
Zalantzarik gabe, Legazpi herriaren historiak burdingintzarekin harreman estua izan duela ukatzerik
ez dago eta horren froga da Urola ibaiaren ibilbidean dagoen burdinola kopuru handia. Lehenago
aipatu dugun bezala, sektore honek krisialdi larria izan zuen XVIII. mendeko azkeneko urteetan;
baina, hala ere, zaila zen bat-batean mendeetako dinamika haustea, eta burdinolen agonia XIX. mende
osoan luzatu zen.
1824 inguruan prozedura zuzena, katalan erakoa, erabiltzen zen oraindik ere burdina lantzeko lau
burdinoletan: Olazarran, Bikuñaenean, Bengolean eta Olaberrian.
Hamarkada batzuk igaro ondoren, Industri Estatistikatik hartutako datuen arabera, goian aipatutako
lau burdinolek martxan zirauten 1862. urtean oraindik eta burdina lantzen zuten, baina gainontzeko
olak aldatuz joan ziren, bakoitza egokien zetorkion birmoldaketan murgilduz.
Bi urte beranduago, 1864an, Antonio Maria Aztiriak zuzentzen zuen burdinola baino ez zegoen martxan.
Burdina gozoa produzitzen jarraitzen zuen; urak mugitutako 10 zaldi-potentziako indarra zuen eta
urtean, batez beste, 800 kintal burdina produzitzen zituen.
Azkeneko burdinola horrek 1888. urtera arte iraun zuen, produzitzea zaila gertatzen bazitzaion ere.
Baina Aztiriak ez zuen burdinola utzi, baizik eta lehenago gainontzeko olagizonek egin zuten
bezalaxe, garai berrietara egokitu zen eta irina ehotzen hasi zen.
XIX. mendearen lehenengo hamarkadek burdinolen beherakada ezagutu zuten, baina ordurako
industrializazioak bere lehenengo urratsak emanak zituen: zurrategiak, teileriak, ontzigintza,
papergintza... Azken jarduera horrek gaur egun arte iraun du.
Garai horretakoa da, adibidez, Antonio Sasoner-en teileria; honek, ordea, 1837an bere teileria
saldu behar izan zuen eta Isidro Urmenetari saldu zion 3.000 errealen truk, Errege-armadaren
tropen anoak ordaindu ahal izateko.
Aipagarria da baita ere Fábrica Nueva o Cartuchería zeritzona, jadanik 1843ko zentsoan aipatua.
Zaldumayor eta Masukariola artean zegoen kokatuta. Beste manufaktura batzuk ere bazeuden, ontziak
egiteko lantegia, Urangarena, edo larrua ontzeko lantegiak edo zurrategiak, Inazio Aztiria eta
Joan Bautista Unanuerenak, adibidez.
1864 inguruan, mende hasieran lantzen hasitako papergintza gero eta garrantzi gehiago hartzen joan
zen eta Migel Inazio Etxeberriak Alejandro de Aldecoa, ordura arte Azpikoetxeako maizterra
izandakoa, ordezkatu zuen. Kartoia, papera, eta zatar-papera produzitzen zuten. Zeregin horretarako
behar zuten energia 7 zaldi-potentziako gurpil hidraulikoaren bidez lortzen zuten; energia horrek
urteko 2.920 arroa ekoizten zituen.
Garai hartan, Olaberriako burdinolan ere produzitzen zuten papera, horretarako zuten 8
zaldi-potentziako gurpil hidraulikoa erabiliz. Jose Kruz Apaolazak eta bere kideek zuzentzen zuten
produkzioa eta 3.650 arroa produzitzen zituzten urtean.
Urte horretan bertan, sistema modernoa zuten ehiza-eskopetentzako kartoizko kartutxoak egiten ziren.
Bultzatzailea Candelario Iturbe Oyanguren izan zen, Elgeta herrian jaioa eta Zumarragan bizi zena;
aurrerago ikusiko dugunez, Pedro Segurarekin batera elkartea sortu zuen, nahiz eta, gerora,
bigarrenak bakarrik jarraituko zuen. Bestalde, 1864rako Aitzkorritik ateratzen ziren beruna eta
kalamina Real Compañía Asturiana de Minas enpresak Avilésen (Asturias) eta Errenterian zituen
lantegietara eramaten zituen, bertan lantzeko. Honela, bada, industri egitura berriak pixkanaka-pixkanaka
ezartzen ari ziren Legazpin.
Bigarren Karlistaldia amaitu ondoren, prozesuak aurrera jarraitu zuen, baina aldaketa batzuk
azaldu ziren. Honela, 1881eko Industri Kontribuzioan hauek azaltzen dira: mihiseak egiteko
ehundegi bat, Jose Maria Goyak zuzendutakoa, Frantzisko Mayorak zuzendutako teileria, kartoia
egiten zuten lantegiak, Migel Inazio Etxeberria eta Joan Kruz Apaolazarenak zirenak, Candelario
Iturberen kartutxo-fabrika eta Jose Antonio Urmeneta, Manuel Calparsoro, Escolastica Zangitu,
Markos Zabaleta eta Martin Antonio Agirreren laka-errotak.
Urte batzuk geroago, 1885. urtean, Joan Kruz Apaolazak kartoia egiteari utzi zion eta Olaberriako
burdinolan zegoen errotaren zuzendaritzan aritu zen.
Hurrengo mendea iristear zegoela, 1899an, Real Compañía Asturiana de Minas enpresa hasi berria zen
kalamina kaltzinatzen, bi kaltzinazio-labe eraiki ondoren.
Hala ere, Bigarren Karlistaldiak Gipuzkoako bizimodua erabat zatitu zuen arren, gatazkak iraun zuen
urteetan ere industri jarduerek egoera berezi hartara egokitu behar izan zuten. Esate baterako,
Olazarran beruna urtu zuten eta kartutxoen produkzioa ere bide horretatik iritsi zen. Kontsultatu
dugun dokumentazio karlistak dionez, Legazpin bazen kartutxoak egiten zituen lantegi bat. Gehiago
zehaztuz, 1875ean, karlistek lau zilindro jarri zituzten kartutxoak egiteko xafla moldatzeko eta,
era berean, suberatzeko labe bat eta labeska bat eraiki zituzten, aipatutako xaflak egiteko
erabiltzen zituzten metalezko barrak galdatzeko. Makineria mugitzeko urak eragindako sei zaldiko
indarra nahikoa zela zehazten da bertan, eta eskuz ere mugi zitekeela makina bakoitza. Makineria
hori eraikitzeko proiektua Pasaresi injinero erromatarrak egin zuen; Legazpiko kartutxo-fabrika
ikustera ere etorri omen zen gainera. Bertako kontramaisua Jose Maria Muguruza izan zen, 1875eko
otsailetik 1875eko ekainera bitartean. 1875eko ekainean Legazpiko fabrika itxi egin zen eta,
ondoren, Tolosan berri bat ezarri zen.
Eskura izan dugun dokumentazio eta informazio guztiak Legazpin zegoen Fábrica de Cartuchos delakoa
Olaberriako burdinolan zegoela pentsarazten digu: horren lekuko dira, alde batetik, Udalak ordaindu
behar izan zituen burdinolan auzolanean egindako lanak eta gatazka amaitu bezain laster
burdinolaren anteparan aurkitutako gerrarako tresnak eta, bestetik, 1995eko udan bertan izandako
gazte-auzolandegian egindako garbitze eta egokitze-lanetan aurkitutako metalezko kartutxoen zorroak,
pistoiak eta xafla-muxarrakinak. Horrek guztiak pentsarazten digu han kokatu zela, eta ez beste
inon, manufaktura-jarduera hura.
Lehenago esan dugun bezala, ordea, Candelario Iturbe hasi zen kartutxogintzan Bigarren Karlistaldia
hasi aurretik eta gerora ere jarraipena izan zuen langintza horrek. Lehendabizi Pedro Segurarekin
elkartu zen; Segurak, XIX. mendearen bigarren zatian, punta-puntako enpresa-jarduera bat garatu
zuen eta 1883tik aurrera berak bakarrik jarraitu zuen enpresarekin. Pedro Segura enpresarioa
asmatzaile eta mekanikari gisa ezaguna zen lehenago ere eta Bigarren Karlistaldian esku-granadak
asmatu zituen eta hauek Gipuzkoako Gorporazioentzat produzitzen zituzten.
Pérez Iscar-ek industri instalazio hau estatuko lehen kartutxo-fabrika izan zela adierazi du. Bere
lanen arabera, lantegiak, mende hasieran, 800 m2 hartzen zituen eta indar eragilea 10 zaldiko turbina batek sortzen zuen.
Ehizarako kartutxoak, errebolberren eta sistema zentral eta anularreko eta defaucheux sistemako karabinen kapsulak egiteko tailerrak zituen. Mende hasieran, takoak egiteko tailerrak ere bazituen; tailer horiek sekzio desberdinak zituzten: batean kartoia egiten zuten paper-geruza batekin, beste batean trinkotu egiten zuten prentsa indartsuen bidez eta azkenekoan kartoizko plantxa takoetan zatitzen zuten. Egunean 80.000 tako ebakitzeko gai ziren makinak erabiltzen zituzten lan hori egiteko. Pirotekniarako tutuak eta tutuluak eta konfetiak botatzen zituzten kartutxoak egiteko sekzio bat ere bazegoen.
Hogei urtez lanean aritu ondoren, kartutxoak eta kapsulak egiteari utzi behar izan zion, Sociedad Arrendataria de Explosivos delakoak hala erabaki zuelako.
1888an, ordura arteko zeregina baztertu beharrean zegoela ikusirik, teileria mekaniko handi bat ezarri zuen. Horretarako, kartutxo-fabrikatik hurbil eta "Incheneatik" Telleriarte bitarteko bidearen ondoan bi labe eraiki zituen.
Bi motako indar eragilea behar zuen, hidraulikoa eta lurrinezkoa. Lehena, Urola ibaian 120 metroko jauzia zuen 30 zaldiko turbina batek sortzen zuen eta, bigarrena, D'Naeyer markako 40 zaldiko lurrinezko galdara batek.
Turbina, beranduago Patricio Etxeberriaren enpresaren disko-biltegia izango zen tokian zegoen eta Urtaza-errekatik tutu baten bidez hartutako uraren indarrak eragiten zuen.
XX. mendearen hasieran, Pedro Seguraren teileria mekanikoak 6.500 m2-ko azalera hartzen zuen eta bitan zatituta zegoen: batean teilak fabrikatzen zituzten eta bestea lehortegi moduan erabiltzen zuten.
Teileriatik 200 bat metrora harrobiak zeuden eta bertatik buztin aberatsa ateratzen zuten; decauville trenbideak elkartzen zituen teileria eta harrobiak eta bertatik eramaten zituzten lehenengo materiak hidratazio-deposituetara. Deposituetan buztina busti egiten zen eta errotetara eramateko prest geratzen zen. Eho ondoren "galleteras" deituriko zonara eramaten zen eta bertan adreilu-forma ematen zitzaion; forma desberdinak izaten zituzten, jartzen ziren moldeen araberakoak. Azkenik, prentsan zapaltzen ziren produktuei trinkotasun handiagoa emateko.
Teileriak bi motako lehortegiak zituen: naturalak eta artifizialak. Lehortu ondoren, adreiluak eta teilak mekanikoki eramaten zituzten labe jarraietara aire bidezko tranbietan eta materiala jaisteko makinetan. Egosi ondoren, etxeko biltegietara eramaten zen produktua.
Pedro Seguraren lantegian Marsella izeneko teilak, hutsarteak dituzten adreiluak, totxo prentsatuak, gangatilarako adreilu txikiak, hortz itxurako adreilua tximinietarako, baldosa karratuak, tutuak, aire zabalean ura eramateko tutu-erdiak, horma eta hesietarako gailurrak, etab. egiten ziren.
Pedro Segurak Segura e Idigoras enpresan ere akzioak izan zituen; Zumarragako enpresa horrek burdinazko xaflazko tutuak egiten zituen eta indar eragilea sortzeko ur-jauzien aprobetxamendua oso azkar hedatzen ari zen une egoki hura aprobetxatu zuen.
Enpresario honek, Pedro Segura jaunak, XIX. mendearen bukaeran, jadanik ekoizpen-sistema kapitalistan funtsezkoak izango diren jarrera ekonomikoak adieraziko dizkigu, beti ere, erreferentzi nagusitzat merkatua hartuz, bere jarduera guztiak haren inguruan egokitzeko.