![]()
Hiri Antolaketarako Plangintza Orokorra
![]()
![]()
Mugikortasun Iraunkorrerako Plana. Ekintzak eta planaren deskribapena
![]()
![]()
Energia aurrezteko aholkuak EVEren eskutik
![]()
![]()
Kirol Patronatoaren ekintza, tasa eta egutegia
![]()
![]()
Mankomunitateko Familientzako Hezkuntza Baliabideak ezagutu
![]()
Autoa era egokiagoan erabil ezazu
![]()
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN)
![]()
Legazpiko Udala eta Garapen Iraunkorra. EZAGUTU
![]()
Gazte lokalen inguruko ordenantza sortzeko prozesu parte-hartzailea
![]()
![]()
Kontsejutik Legazpiko Udal Buletina
![]()
IV. mendeurrenaren inguruan eginiko ekitaldiak eta sortutako dokumentazioa
![]()
Irakur itzazu Legazpiko Berriak
![]()
Hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko programa Legazpin

![]()

Historia topikoz beterik dago. Haranaren eta, geroago, Legazpia edo Legazpi herriaren
historiari buruzko azterketak ez dira baieztapen horretatik salbuetsita geratzen.
Hala ere, Legazpi herriaren historiaren laburpena eginez hasiko gara. Horrela, kristautasuna lur
hauetara iritsi aurretik, herri-sinismenaren arabera, Legazpi haranaren goialdean "jentilak"
(mitoek eta kondairek diotenaren arabera, garai haietan kristauak ez zirenei emandako izena) bizi
ziren. Baieztapen hori agirietan dago jasota (batik bat, elizaren inguruko auzietan); agiri
horietan "antzinako garaietan" haranean zeuden burdinolak "jentiletxe" edo "jentilula" izenekin
zirela ezagunak irakur daiteke. Jentilek burdina ekoizteko sekretua ezagutzen zuten eta burdin
hori mendietako goialdeetan ezarritako "haizeoletan" lortzen zuten. Eta, "haizeola" horien
aztarnarik aurkitu ez badira ere, oso oinarrizko labeak zirela uste dugu, kono-enbor formakoak,
eta bertan lortzen zen burdinaren kantitatea eta kalitatea oso irregularra izango zen. Gaur egun,
jatorrizko labe horien aztarnak "zepadiak" dira; zepadi horietan egur-ikatzaren hondarrak aurkitu
dira eta, kimikoki analizatu ondoren, hondar horiek gutxi gorabehera 1080. urtera eramaten
gaituzte. Zepadi horiek gure gaur egungo udalerriko hainbat tokitan agertu dira: Larrosain,
Salibieta, Otañu, Teniola, Basaundi, Biurrain, Aizaleku, Korta,..
Baina Legazpin badugu bere populatzearen antzinako beste aztarna bat: Arrolamendi-Udanan,
Oamendin edo Aizkorrin gorde diren "harrespilak" (tumuluak). Horrek, gutxi gorabehera orain dela
4.000 urteko nekazal-kulturaz hitz egiten digu, neolitiko-aroaz, garai haietan hasi baitziren
abereak hazten eta landareak landatzen; orduan hasi zen, halaber, kultura megalitikoa, garai
haietan metalurgia ezagutu zen eta. Legazpin, tumulu horiek zituzten garrantziaz jabetu zen
lehena Saturnino Telleria (1880-1947) izan zen, "mediku zaharra" izenez ezaguna zen legazpiarra.
Berak bere kontu hondeatu zituen Arrolamendiko tumuluak.
Ez dugu hemen guk argituko zeintzuk izan ziren Legazpiko lehen biztanleak. Jakin badakigu, eta
zientifikoki egiaztatuta dago, gure haranean burdina antzinatik lantzen dela. Bestetik, olagizonak
laster hasi ziren baserritarrekin auzietan (lehenengo auzia 1412. urtekoa da), biek esaten
baitzuten haraneko lehenengo biztanleak zirela. Hala ere, horrek ezin gaitu baserritarra edo
abeltzain-nekazaria haraneko antzinako biztanle izan ez zenik esatera eraman. Gure herrian
oraindik oso gutxi aztertu badira ere, baserritarrak ere antzinakoak direla egiaztatzen dute
aurkitutako "sarobeak" (korta-basoak). Sarobe horiek udakoak nahiz negukoak izan zitezkeen eta
korta-basoaren erdi-erdian kokatutako harri bat erreferentziatzat hartuta eratutako zirkulu
biribil-biribilak ziren. Aztarna horiek benetan antzinakoak direla egiaztatu da (Kristo ondorengo
0-200 urtetakoak).
Garai haien inguruan oso datu gutxi ditugunez, lankidetzaren eta okupazioaren arteko erdi-bidean,
baserritarrak Legazpiko mendi eta basoetako jabe ziren olagizonentzat interes gutxi zuten lurrak
okupatzen hasi zirela pentsa dezakegu. Horrela, 1412. urtean, baserritarren eta Legazpi haraneko
burdinoletako jauntxoen artean haraneko mendiak ustiatzearen inguruan sinatu zen hitzarmenean
honako erabakia hartu zen: baserritarrek ordura arte landu zezaketen lurzoru irekiak bakarrik
laboratu eta landa zezaketen baina ezingo zuten lan egin lurzoru itxi eta landatu gabeetan.
Olagizonek ez zuten nahi nekazaritzarako eta artzaintzarako lurrak zabal zitezen, horrek
baso-lurrak gutxitzea ekarriko zuelako eta egurra ezinbesteko lehengaia zitzaien burdinolan:
burdina-tona bat lortzeko bi tona egur-ikatz behar zen eta bi tona ikatz lortu ahal izateko lau
tona egur-ikatz behar zen.
Bi gizatalde horiek bi lege-kode desberdin zituzten. Olagizonek burdinolen foruak (1338) zituzten;
foru horiek antzina-antzinatik olagizonen pribilegioak ezartzen zituzten, batik bat, lurrak
edukitzeari buruzkoak, baina, denbora igaro ahala, nobleek begiak jarri zituzten lur horietan.
Lekuko gainontzeko biztanleak, hala ere, landa-erregearen gehiengoa arautzen zuten legeen menpe
zeuden; lege horien arabera, nobleek beraien legea inposatzen zuten, lehen instantzian bederen,
oraindik lortu gabe baitzegoen errege-herriaren estatusa (errege-herriek errege-hirien menpe
baitzeuden eta Erregearen babes zuzena zuten).
Eta horrela, XIV. mendearen amaieran Legazpi herriaren historian garrantzi handia izan zuen
gertaera bat jazo zen: harana Segura hiriaren jurisdikziora anexionatu zen (1384. urtea). Garai
txarrak ziren, segurtasun gutxikoak, batik bat Nafarroako mugako gaizkileek eraginda eta,
bestetik, garaiko Ahaide Nagusien gaiztakeriak eten gabekoak zirelako. Ez zegoen okerkeria
zuzentzeko aginte indartsurik eta, beraz, herri txikiek herri handiekin elkartuz gero, haien
duintasuna eta eskubideak salbu egongo zirela uste izan zuten. Horregatik Legazpik Segura hiria
aukeratu zuen, Segurak harresia zuelako eta hiri armatua zelako. Halaber, urte berean beste
zazpi "unibertsitate", "kolazio" edo "leku" elkartu ziren Segura hiriarekin: Mutiloa, Idiazabal,
Zegama, Zerain, Ormaiztegi, Gudugarreta eta Astigarreta. Legazpiren menekotasun-hitzarmenean
bateratzea "saririk gabe eta indarrik gabe" egiten zela aitortu zuten alde biek, askatasunez
alegia. Horrela legazpiarrek ondasun guztiekin gelditzen ziren, mendiak eta lurrak, korta-basoak,
urak, larreak, zelaiak eta belarrak eta ondasun guzti horiek nahi zuten moduan erabil zituzketen,
Segura hiriak bertan parte hartu gabe eta bateratze aurretik baino lehen zuten askatasun
berarekin. Legazpiarren menekotasuna Segura hiriarekiko jurisdikzio zibilera eta kriminalera
mugatu zen, hau da, Segurako Alkatea izango zen Legazpiko herritarrak epaituko zituena; hala ere,
gure herriak Epaimahai nagusia izango zuela erabaki zen. Gainera, geroz eta handiagoa zen
Segura hiriari zegozkion zergen derrama edo banaketetan lagun behar zuen Legazpik berari zegokiona
ordainduz.
Agirian jasotako gertaera horren berri izan aurretik badakigu Legazpi hor zela, joan den 1290eko
apirilaren 18an, Gasteizen, Antso IV.a erregeak eman zuen pribilegioan edo hiri-gutunean agertzen
delako. Horrela dio agiri horrek: "E por les hacer mas bien o mas merced, tengo por bien que las
ferrerías que son en Legazpia masuqueras, que están en yermo, e les hacen robo los malos homes
e los robadores que vengan mas cerca de la villa de Segura e las pueblen, que sean mas abonadas
e mas en salvo". Agiri horretan agertu zen Legazpi herria lehenbizikoz idatzita.
XV. mende hasieran gure herriaren lurraldeak antolatu egin ziren. Garai horretan Altzania mendiak
denon artean erabiltzeko herrixken artean taldeak ezarri ziren. Bertan parte hartu zuten Segura,
Legazpi, Zegama, Zerain eta Idiazabal herriak.
1430. urtean, Legazpiko baserrietako eta burdinoletako jabeak, mendiak zirela eta ez zirela,
sarritan auzitan sartuta zeudenez, Aizkorri mendikatearen iparraldeko barrutiak banandu eta
mugarritu egin ziren: Legazpi haranaren iparraldeak, burdinoletarako beharrezkoa zen egur-ikatza
zegoen lekuak, Legazpi haranaren berezko mugartea osatu zuen. Hegoaldean kokatuta zeuden
mendietako baliabideak, aldiz, Segura hirirako eta aipatutako beste lau herrientzako gorde ziren;
geroago Aiztondo eta Goiburu Komunitatea izenarekin ezagutu dugu mugarte hori. Lur horiek
edukitzearen eta ustiatzearen ondorioz, arazo eta gatazka ugari sortu zen XV. eta XVI. mendeetan
zehar.
1608. urtera arte (Legazpiko harana Segura hirira anexionatuta 224 urte egon zen) etengabeak
izan ziren bi lekuren arteko gatazkak eta desberdintasunak. Legazpik Seguraren aurka aurkeztu
zituen laidoen kapitulua luzea da; horien artean hiriak haraneko bizilagunen kalterako egiten
zituen banaketak aipa daitezke edo Segura hiriak legazpiarrak hiriko alardeetan parte hartzera
behartu nahi zituela, edo Legazpiko burdina San Adriandik pasatu beharra bertako tasak ordain
zitzan, edo 1598. urtean Felipe II.a erregearen hiletak sortu zuen gatazka.
1608. urtea baino lehen, 1564an edo 1569an, gure herriak Gaztelako Kontseilu Gorenera jo zuen
independentzia lortzeko asmoarekin eta Epaimahai horrek herriaren eskaria entzun bazuen ere,
Segura hiriak, Probintziaren laguntzarekin, auzia irabazi egin zuen, gainontzeko berrogeita
hamar auzo edo kolaziok gauza bera eskatuko ote zuten beldur baitzen.
1608. urtean, Espainiako Koroak diru-arazoak zituela eta, Legazpik Segurako jurisdikziotik
aske geratzeko asmoa aurkeztu zuen Ogasun Kontseiluaren aurrean eta aipatu Kontseilua egoera
horretaz baliatu zen diru-kopuru ederra jasotzeko (bizilagun bakoitzeko 20 dukat eta Eskribautza
bakoitzeko 300 dukat). Kontseiluak komisio-epaile Collado Doktoreari eman zion eskumena exentzioa
gauza zezan eta horrela egin zuen. Modu horretan, Legazpiko herriak bere jurisdikzioa lortu zuen,
Alkatea eta agintariak hautatzeko eskubidea eskuratu zuen eta, halaber, bere Prokuradorea bidal
zezakeen Probintziako Batzar Nagusietara.
Baina independentzia lortu zuen garai hartan Legazpi ekonomia-krisi sakonean zegon murgilduta
eta gain behera etorri zen: Europatik etorritako burdinaren kalitateak eta prezioak antzinako
burdinolekin bukatu zuen eta burdinaren industriak onenak eman zituen.
Burdinolei dagokienez, XIV. mendean uraren indarraz baliatzen hasi ziren olagizonak mailuak eta
hauspoak mugiarazteko. Aurrerapen horren ondorioz, haizeolak utzi eta Urola ibaiaren bi ertzetan
burdinola modernoak ugaltzen hasi ziren (Brinkola, Olazarra, Elorregi, Mirandaola, Olaberria,
Bikuña, Plazaola, Bengolea,.). Burdinolek burdin gehiago ekoizten zuten.
Garai haietan Mirandaolako gertaera jazo zen: 1580.eko maiatzean, igandea izan arren, hainbat
olagizon lanera joan ziren. Labean 250 kiloko galdaldia egiteko haina mea eta ikatza sartu eta
bost ordu lanean eman ondoren, gurutze itxura zuen sei kiloko burdina-zati txiki bat besterik
ez zuten lortu. 1633. urtean Iruñeko apezpikuak miraritzat hartu zuen gertaera hura. Agiririk
ez dagoenez, ezin dugu imajinatu gertaera horrek benetan zer esan nahi izan zuen baina badakigu
hori gertatu zenean Legazpiko burdinolak krisialdiaren lehenengo urteetan sartuta zeudela
(XV. Mendean Legazpin hogei burdinola baino gehiago lanean baziren ere, XVII. mendean dezente
gutxiago ziren lanean jarraitzen zutenak eta krisialdiak aurrera segitzen zuen: XIX. mendearen
bukaeran azkenengo burdinola -Bengolea- itxi egin zen eta, aurrekoak bezalaxe, irina lortzeko
errota bihurtu zen). Olagizonek, horrenbeste defendatu izan zuten lursailak eta basoak
baserritarrei alokatu eta saltzen zizkieten eta, zenbaitetan, beraiek hasi ziren baserriko
lanetan; modu horretan gizarte-organigrama katramilatsua egituratzen hasi zen.
XVIII. mendeari buruz informazio gutxi dagoen arren, aldaketa ugariko mendea izan zela esatera
ausartzen gara: gogoan izan behar dugu 1700. urtean hasi zirela eliza zahar eta hondatua
berreraikitzeko lanak. Lan horiek 1720. urtean amaitu ziren eta hamar urte beranduago hasi ziren
egungo udaletxea eraikitzeko lanak. Modu berean, mende hasieran -1705. urtean- herriko
Ordenantza berriak idatzi ziren, joan den 1533koak erabat zaharkiturik baitzeuden. Baina,
zalantzarik gabe, mende horren amaieran Legazpiko herriak bere garapen sozial eta ekonomikorako
aukera paregabea galdu zuen, Madrildik Irunera joango zen errepide nagusia Legazpiko udalerritik
ez zela igaroko erabaki zenean.
XIX. mendearen lehenengo erdialdean Independentziako Gerra eta Lehenengo Karlistaldia gertatu
ziren; bi gerra horietan udal-ogasuna kaltetuta atera zen, gerrako gastuei aurre egin ahal
izateko udal-lurrak saldu behar izan zirelako. 1850. urtetik aurrera Legazpik antzinako
garaietako gorakada berreskuratu zuen, 1862an Iparraldeko trenbidea eraikitzen hasi zenean.
Beranduago, XX. mendearen hasieran garrantzi handia hartu zuen herriak Patricio Echeverria
herritarrak 1908. urtean hamabi langilerekin gero ospetsua izango zen lantegia eraiki zuenean.
Hasiera-hasieratik erremintak egiteari ekin dio lantegiak, baina poliki-poliki bertako jarduera
bereizten joan zen eta herriko lantegi inportanteena bihurtu zen.
1930. urtetik aurrera, A-B bidea, edo egungo Kale Nagusia, egituratu zenean hasi zen herriaren
benetako garapen urbanistikoa. Ondorengo hamarkadetan Patricio Echeverria jaunak bultzaturik
langileen auzoak eraiki ziren (San Inazio, San Juan,.).
Baina hori baino lehen Gerra Zibilak eragina izan zuen herrian. "Nazionalek", gerra hasi eta
bi hilabetetara, herria hartu zuten eta Patricio Echeverria jaunaren lantegia militarren esku
geratu zen. Urte zailak izan ziren haiek.
Dena dela, gerra amaitzean, herriak aurrera egin zuen eta lantegi garrantzitsuak sortu ziren:
PESA, Elektromagnetika, plastikoak, paper-fabrika,.. Lantegi horietara kanpoko etorkin ugari
etorri zen lanera, batik bat 1955. urtetik aurrera. Hasiera batean, inguruko nekazal-herrietatik
etorritako jendea izan zen, geroago Nafarroatik eta Arabatik etorritakoak eta, azkenik,
Extremadura, Leon eta, batik bat, Burgosetik. Horrela, 1900. urtean 1246 biztanle izatetik
1980an 10.588 biztanle izatera iritsi zen Legazpi; hala ere, urte horretatik aurrera, ekonomian
jasandako krisialdi bortitzaren ondorioz, biztanle-kopuruak behera egin du eten gabe.