Sarrera>> Legazpi BAI! proiektua






Sarrera eta jatorria

Legazpi Gipuzkoako udalerria da, eta probintziako eta EAE osoko industri garapenaren muina irudikatzen du. XX. mendearen bigarren zatian industri garapenaren jarraibideak zehatz-mehatz bete zituen, horren adierazpen guztietan: industrian, hirigintzan, enpleguan eta gizarte garapenean. Herria Patricio Echeverría SA enpresarekin batera garatu zen, eta paralelotasun horretan, enpresak krisia izan zuenean, gainbehera gertatu zenean eta erabat murriztu zenean, aldaketa horrek langabezia tasa handiak, krisi ekonomikoa eta identitate krisia eragin zituen herrian.

Legazpik ahalegin handia egin du orduz geroztik suspertzeko, horren tokiko hainbat experientzia. Legazpi izan da Euskal Herrian Agenda 21 eredua bereganatzen lehenengoetarikoa (1998), "Aalborg-eko Gutuna" edo "Europako Hirien Iraunkortasunerako Gutuna" hartu baitu tokiko garapen iraunkorrerako erreferentzi eredutzat. Bestalde, Lenbur Proiektua ere suspertze horren sinboloetako bat izan da, herriaren identitate zeinu diren ondarea eta industri kultura berreskuratzen baititu; ildo horretatik, Lenbur Proiektuak Lenbur Fundazioko (1998) partaide diren enpresen interesa piztu du, eta aisialdirako eta museoetarako eremuak eta jarduerak garatzeko Europako funtsak erakarri ditu.

Bada, aurrekari horiei eta udalerriaren testuinguru sozio-ekonomiko berriari dagozkion arazo bereziei aurre egiteko, Legazpiko udalerriak, udalbatzaren bitartez, etorkizuneko garapenaren gaia aztertu beharra planteatu zuen 2005ean; kontuan hartu behar da arazo berezi horiek EAEko zati handi bati ere badagozkiola, hala nola globalizazioa eta industria tradizionala deskokatzeko arriskua, beheraldi demografikoa, gazteek hiriburuetara jotzea, tokiko merkataritzaren geldialdia, deserrotzea, toki jakin batekoa izateak ematen duen identitatea eta harrotasuna ez izatea...

Testuinguru horretan, udalerriaren eta lurraldearen garapenari lotutako arazoak aztertzeko eta etorkizuneko garapenaren lerroak eta aukerak ezartzeko eta sakontzeko, MIK S.Coop. (Mondragon Taldeko Ikerketa Zentro Korporatiboa eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Teknologia Zentroen Euskal Sareko kidea) kooperatibarekin batera lan egitea proposatzen da. Hori bai, prozesua beste modu bateko ikuspegitik jorratzen da, Ezagueran Oinarritutako Garapenetik hain zuzen ere. Ikuspuntu horren bidez, Legazpik bere IDENTITATEA eta identitate horren BALIO GIDARIAK kontuan hartuta prestatzen du bere jardunbidea, abiapuntu horretatik abiatuta eta modu sistemikoan eta parte-hartzailean oinarrituta etorkizuna eraikitzeko. Horretarako, Udalerriak, etorkizunean izan ditzakeen garapenaren lan lerroak eta aukerak aztertzeko, gogoeta prozesua bat jartzen da martxan, non Legazpiren iragana, oraina eta etorkizuna hausnartzen diren.

Proiektu hau garatu ahal izateko Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuak dirulaguntza eman zuen.

XHTML 1.0 | CSS 2.0 | WAI 'AA ' | © Copyright 2006 Legazpiko Udala-Eskubide guztiak erreserbatuak-Euskal Herria plaza, 1 - 20230