![]()
Hiri Antolaketarako Plangintza Orokorra
![]()
![]()
Mugikortasun Iraunkorrerako Plana. Ekintzak eta planaren deskribapena
![]()
![]()
Energia aurrezteko aholkuak EVEren eskutik
![]()
![]()
Kirol Patronatoaren ekintza, tasa eta egutegia
![]()
![]()
Mankomunitateko Familientzako Hezkuntza Baliabideak ezagutu
![]()
Autoa era egokiagoan erabil ezazu
![]()
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN)
![]()
Legazpiko Udala eta Garapen Iraunkorra. EZAGUTU
![]()
Gazte lokalen inguruko ordenantza sortzeko prozesu parte-hartzailea
![]()
![]()
Kontsejutik Legazpiko Udal Buletina
![]()
IV. mendeurrenaren inguruan eginiko ekitaldiak eta sortutako dokumentazioa
![]()
Irakur itzazu Legazpiko Berriak
![]()
Hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko programa Legazpin

![]()

Joan den 2008ko maiatzaren 28ko Osoko Bilkurak Mugikortasun Iraunkorreko Plana onartu zuen. Gogoan izango duzuenez, agiri hori herritar askoren parte hartzearekin egin zen eta, horretarako, hainbat ekintza burutu ziren joan den otsailean eta martxoan:
- Erakusketa egin zen Kultur etxean eta, bertan, azalpenak, fotomuntaketak eta planoak ikusteko aukera eskaini zen. Modu berean, toki bat egokitu zen proposamenak jasotzeko.
- Informazioa eskaini zen udal Web orrian eta bertan ere proposamenak egiteko aukera zegoen.
- 3 informazio-bilera egin ziren: Brinkola eta Telleriarte auzoetako bizilagunekin, hiriguneko bizilagunekin eta herriko auzoetako bizilagunekin.
- Bilera egin zen herriko hiru ikastetxetako ingurumen-batzordeekin.
- Bilera egin zen Ilinti elkarteko zuzendaritza batzordearekin.
- Kultur Etxean bilera egin zen ostalaritzako eta merkataritzako sektoreetako kideekin.
- Agenda 21eko Foroaren 2 bilera egin ziren. Horietan, proiektua eztabaidatu zen eta plana hobetzeko proposamenak aurkeztu ziren.
- Informazioa eskaini zen komunikabide desberdinetan: herriko kronikan, eskualdeko argitalpenetan, Udal aldizkarian,...
Eta hauxe da emaitza: Legazpin leku batetik bestera joateko era desberdinak proposatzen dituen plana. Plan horretan herri barruko joan-etorriak oinez eta bizikletaz egitea lehenetsi da.
Gogora ditzagun planaren helburuak:
- Bizi-kalitatea hobetzea
- Oinezkoen eta bizikletarien mugikortasuna sustatzea
- Garraio publikoaren erabilera bultzatzea
- CO2 isurketak murriztea
- Gas kutsatzaileen isurketak murriztea
- Bide-segurtasuna handitzea
- Kaleetan zarata-bolumena gutxitzea
- Energiaren kontsumoa murriztea
- Herritarrak sentsibilizatzea, batetik bestera ibiltzeko ohiturak alda ditzaten
Asmo handiko eta diru-kostu handiko plana da. Horregatik ezinbestekoa da lehentasunak ezartzea eta zatika betetzea. Hori guztia Udalaren aurrekontuaren arabera egingo da eta, krisialdi honetan gainera, jaitsi egiten da bereziki aurrekontu hori.
Azaroan gaude eta pozik adierazi dezakegu, urtea amaitu baino lehen planean jasotako hainbat proposamen betetzen hasiko garela. Zehatz-mehatz hauek dira burutuko diren jarduketak:
1.- PLANEAN DISEINATUTAKO “ERAZTUNAREN” ZATI BATEAN BIDEGORRIA EZARRIKO DUGU. Zehazki honako kaleetan ezarriko da bidegorria: Laubide auzoan (Domingo Agirre eskolako eskolaurrea), San Ignazio auzoan, Juanastegi kalean, Aizkorri kalean, Patrizio Etxeberria kalean eta Santikutz kalean Santa Cruz egoitzatik Lanaren Hiribiderainoko bidegurutzeraino (pentsioko bidegurutzea). Bidegorriak 2,20 metroko zabalera izango du eta alde bitara zirkulatu ahal izango da. Hiru zati geratuko dira egiteko:
- Aiztonagako aldapatik Bikuña Jauregira doan bide-tartea: zonalde horretan ez dago tokirik zirkulazioaren bi noranzkoak izan eta, horrezaz gain, bidegorria izateko; beraz, tarte horretan bizikletek eta autoek bidea konpartitu egin beharko dute.
- Patrizio Etxeberria kaletik Santa Cruz egoitzara doan bide-tartea. Tarte horretan obra handia egin behar da eta, beraz, aurrekontu handia behar dugu horretarako. Lan hori 2009-2010ean egin nahiko genuke.
- Pentsioko bidegurutzetik Laubide auzoko errotondaraino doan bide-tartea: zirkulazioaren bi noranzkoak mantenduko dira eta, beraz, momentuz ezingo da bertan bidegorria egokitu. Bi noranzkoak Olaondo zeharkaletik trafikoa bideratzeko aukerak prest daudenera arte mantenduko dira eta, horretarako, ezinbestekoa da industrialdeko errotonda aldatzea.
2.-PATRIZIO ETXEBERRIA KALEA 30. AREA GISA EGOKITUKO DA.
Diseinua eta zoladura berezia jarriko da, bertatik autoak, bizikletak nahiz
oinezkoak ibil daitezen. Ez da espaloirik egongo eta zorua kota berdinean egongo da; horrek esan nahi du oinezkoek edozein puntutik
zeharkatu ahal izango dutela kalea. Obra bukatu ondoren, trafikoaren igarobidea ahalbidetuko da baina zehazki seinalatutako zonaldetik
eta ezingo da orduko 30 kilometroko abiadura gainditu. Beraz, kale horretan oinezkoek izango dute lehentasuna eta trafikoaren abiadura
murriztuta geratuko da. Elizara doan aldapan leku gutxi dagoenez, bizikletek eta oinezkoek espazioa konpartitu egin beharko dute. Gure
lehentasunen artean Patrizio Etxeberria kalea 2009-2010 epealdian bukatzea dago eta Latxartegi zonaldearekin
(Kultur Etxea-Gizarte zentroa-Osasun zentroa) lotuko da.
Orain arte esan dugun guztiaren ondorioz, ezinbestekoa da motordun ibilgailuen trafikoa berrantolatzea. Datozen asteetan eta poliki-poliki, hainbat kaletan trafikoaren zirkulazioaren noranzkoak aldatu egingo dira Legazpin:
- Laubideko autobus-markesinatik San Ignazio 22ra (Muruko garajeak) doan bidea noranzko bakarrekoa izango da, goraka.
- Juanastegi kalea: Gaztetxe aldera bakarrik joan ahal izango da, Itxaropen 8an Aiztonaga kalearekin dagoen bidegurutzera arte.
- Itxaropen 8an Aiztonaga kalearekin dagoen bidegurutzetik Aizkorri kalea 18raino (Txorronea) zirkulazioaren bi noranzkoak mantenduko dira. Bide-tarte horretan gainera, bizikletek eta autoek bidea konpartitu egin beharko dute.
- Aizkorri kalea: zirkulazioaren noranzko bakarra, Txorroneatik Elizaren bidegurutzera.
- Kale Nagusia: orain dagoen bezala utziko da.
- Santikutz kalea: Santa Cruz egoitzatik Lanaren hiribidearen eta Santikutz kalearen bidegurutzeraino, hau da, pentsioko bidegurutzeraino: noranzko bakarra Laubide aldera.
- Santikutz kalea (pentsiotik Laubide auzoko errotondaraino): bi noranzkoak mantenduko dira.
- Lanaren hiribidea: semaforotik La Salle kalearen bidegurutzeraino doan bide-tartean bi noranzkoak mantenduko dira. Hala ere, Lanaren Hiribidea 3, 5 eta 4an dauden garajeetara sartzea ahalbidetuko da. Kalearen beste zatian noranzko bakarra ezarriko da, beheranzkoa, modu horretan pentsioko bidegurutzean ibilgailuen eta batik bat kamioien eta autobusen biraketa errazteko.
- La Salle kalea: zirkulazioaren bi noranzkoak onartuko dira baina hirugarren mailako ibilgailuek (kamioiak eta autobusak) ezingo dute Olaondo zeharkalera irten, hau da, debekatuta izango dute La Salle kalea 1etik Olaondo zeharkalera joatea.
- Olaondo zeharkalea: orain arte bezala utziko da. Zumarragatik edo Oñatitik datozen eta auzoetara joan nahi duten ibilgailuak kale honetatik joan daitezela gomendatzen da. Hirugarren mailako ibilgailuetarako derrigorrezkoa izango da.
Bestetik, Patrizio Etxeberria kalean egingo diren hobekuntza-lanen ondorioz, honako aldaketak emango dira:
- Patrizio Etxeberria kalea: bidea itxi egingo da zirkulaziora. Egin beharreko lanek 4 hilabete inguru iraungo dute.
- Santikutz kalea (Patrizio Etxeberria kaletik Santa Cruz egoitzara doan bide-tartea): gaur egungo noranzkoa mantenduko da. Kultur Etxera, Osasun-zentrora, Gizarte-zentrora eta garajeetara sartzea ahalbidetuko da. Kale Nagusira Santikutz 4ko irlatxotik jaitsi ahal izango da. Beraz, ezingo da Osasun-zentrora, Kultur Etxera, Gizarte-zentrora eta Latxartegiko garajeetara joan Kale Nagusitik Santikutz kalera igoz.
Herritarrek informazio hurbila eta argia izan dezaten, azaroaren 17tik aurrera, panel informatiboak jarriko ditugu udaletxean, Kultur Etxean, kiroldegian, Gizarte-zentroan eta Laubide auzoa 6 behean (“Dena Ehun”). Modu berean, trafikoaren berrantolaketaren berri emango dugu herriko atarietan.
Jakin badakigu oso zaila dela gure ohiturak aldatzea eta obrek eragozpenak sortzen dituztela, baina legazpiarrekin batera diseinatu den aldaketa honek Legazpi aldatu egingo duela eta herri atseginagoa, osasungarriagoa eta gizatiarragoa izango dugula pentsatzen dugu